Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoa abian da

'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoa abian da

Irakurzaletasuna bultzatzeko helburuarekin sortu zen ekimena maiatzaren 31era bitartean ari da gauzatzen 52 herritan

El Diario Vasco

Jueves, 23 de marzo 2017, 13:08

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Euskaltzaleen Topaguneak 'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoaren edizio berri bat jarri du martxan, zenbait euskara elkarte, udal, liburutegi eta liburu dendarekin batera. Babesleen artean daude halaber Nafarroako Foru Gobernua eta Eusko Jaurlaritzaren kultura sailak zein Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurtengo berrikuntzen artean, «liburuak eta horiek elkarri oparitzea sozializaziorako tresna bihurtzearena dago. Irakurri, gozatu eta oparitu proposamen hirukoitzaren azken urratsa indartuz lortu nahi da hori. Irakurle txoko, mintzalaguna-mintzakide-berbalaguna, ikastalde, kultur talde eta abarretako kideei liburuak elkarri oparitzea, irakurri ondoren trukatzea eta irakurritakoa kontrastatzea proposatuko zaie, taldeen dinamika eta kideak aberasteko praktika gisa».

2017ko edizioaren beste berrikuntza inportante bat egitasmoaren hedadurarena da. Aurten 52 herritan ipini da martxan, inoizko kopururik handiena, eta lehengo aldiz egingo da bi hiriburutan, Iruñea eta Gasteizen, eskaintza aurreko urteetan baino 450.000 pertsona gehiagorengana helaraziz. Gipuzkoari dagokionez, Beasain, Eskoriatza, Lazkao, Legazpi, Soraluze, Ordizia, Orio, Villabona eta Zaldibia daude egitasmora bilduta.

Hiru urrats

Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honek «herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Egitasmoak, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du».

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu. Bigarren urratsean, 'gozatu'-ri dagokionean, liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dio parte-hartzaileari, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Azken pausua, aurten indartu nahi dena, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Hain zuzen ere, liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu. Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30¤ko balioa duen txeke baten zozketa egingo da, hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du.

Behar duenari irakurri nahi duenaren aukeraketan laguntzeko, egitasmoak zabalduko duen azalpen diptikoan 50 liburu-gomendioen zerrenda joango da, bost adin tarteka sailkatuta. Zerrenda hori baina, ez da muga izango ez liburutegiko liburua aukeratzerakoan ez txekearekin beste bat erosterakoan, horretarako euskal literatura osoa dago eskuragai

Martxoaren 20an abiatu zen 'Irakurri, Gozatu eta Oparitu'ren 2017ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, ia bi hilabete eta erdiko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 10 artekoa izango da. Aurten ere, egitasmoa udaberriko hilabeteetan garatuko da, alde batetik, liburutegietan garai hobea izaten delako, eta bestetik, liburu-opari eta trukeen dinamika, opor aurreko hilabetetan eginez 'udako liburua' opari hartutakoa izatea sustatu nahi delako.

Gipuzkoako herriez gain, honakook hartzen dute parte gainerako lurraldeetan:

Araban: Agurain, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Gasteiz, Kanpezu, Legutio, Maeztu, Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia, Zuia.

Bizkaian: Atxondo, Dima, Ermua, Getxo, Igorre, Lekeitio, Mañaria, Muskiz, Ondarroa, Orozko, Otxandio, Sopela.

Nafarroan: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Ultzama, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Etxarri-Aranatz, Iruñea, Irurtzun, Leitzaldea, Lizarra, Malerreka, Olazti, Uharte, Zizur Nagusia.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios